DBHko 4. maila
Ikaskuntza-egoera - Xaboi-fabrika
Planteamendua
Planteamendua
Testuingurua
DBHko 4. mailako ikasleei zuzendutako ikaskuntza-egoera honek enpresa-mundua eguneroko errealitatera hurbiltzen du, enpresek balio erantsia, enplegua eta garapen ekonomikoa sortzeko duten eginkizuna ulertzen laguntzeko. Enpresa-jarduera eta ingurunearekin duen harremana aztertuz, ikasleek enpresek gizartearen eta ekonomiaren aurrerapenean nola laguntzen duten ezagutuko dute.
Proposamenak sormena, berrikuntza, pentsamendu kritikoa eta erabakiak hartzeko gaitasuna ere sustatzen ditu, jasangarritasunaren eta enpresen gizarte-erantzukizunaren printzipioak txertatuz. Horren guztiaren emaitza gisa, ikasleek gizarteari balioa emateko eta egungo inguruneko erronkei erantzuteko gai diren negozio-ereduak diseinatuko dituzte.
Helburua
Ikaskuntza-egoera honetan proposatutako jardueren helburu nagusia ikasleak enpresa-munduan murgiltzea da, enpresa bat sortzeko prozesuaren bidez. Proposamen zehatza xaboi naturala egiteko lantegi bat sortzea bada ere, beste aukera bat ikasleei beren negozio propioa diseinatzeko eskatzea da, sormena sustatuz. Bi proposamenak bateragarriak dira diziplinarteko lanarekin; izan ere, ikasleek hainbat ikasgaitako oinarrizko jakintzak, trebetasunak eta jarrerak modu integratuan erabili behar dituzte. Horrela, konpetentzietan oinarritutako ikaskuntzaren ikuspegiarekin bat egiten da, baita benetako egoeretako arazoak konpontzeko beharrarekin ere.
Jardueren sekuentzia
Ikaskuntza-egoera hau lantzeko, bi ibilbide metodologiko proposatzen dizkizugu. Biak motibazio-fasean hasten dira, lehenengo bi jarduerak eginez. Horiek amaitutakoan, bi aukera daude:
- Ibilbide gidatua: 3. jardueratik 6.era bitartekoak egitea, ikasleek negozio bat diseinatzeko fase guztiak urratsez urrats landu ditzaten.
- Ibilbide laburtua: «Enpresaren bideragarritasun-plana»izenarekin estekatutako dokumentua erabiltzea. Dokumentu horrek jarduera horietan egin beharreko lana formatu bakarrean biltzen du.
Bi ibilbideak 7. jarduerarekin amaitzen dira. Bertan, ikasleek beren negozio-proposamena aurkeztu eta sustatuko dute ikaskideen aurrean. Aukeran, egindako material guztia biltzen duen portfolio bat aurkezteko ere eska daiteke, 8. jardueran adierazten den bezala.
Ikaskuntza-egoeraren ibilbide-aukerak
Las flechas conectan cada fila con la siguiente. En pantallas pequeñas puedes desplazarte dentro del flujo.

Ikaskuntza eta metodologia
Ikasleek, lankidetza-taldetan antolatuta, enpresa bat sortzeko prozesuaren urrats guztiak aztertuko dituzte. Horretarako, enpresak beren ingurunean izan dezakeen bideragarritasuna ikertuko dute, beharrezko giza baliabideak eta baliabide materialak kontuan hartuta. Era berean, enpresaren ahalmena eta ingurunean izan dezakeen eragina baloratuko dituzte, bai ingurumenari dagokionez, bai enplegua sortzeak gizartean izan dezakeen eraginari dagokionez. Xaboiaren ekoizpena adibidetzat hartuta, erabilitako olioetatik xaboia egiteko prozesuaren errentagarritasuna aztertuko dute: olioa biltzeko prozedura, beste osagai batzuen aukeraketa eta azken produktua ontziratzeko prozesua. Ibilbide horretan, funtsezko erreakzio kimikoak ezagutuko ditugu, hala nola saponifikazioa, eta xaboiaren industrian kalitateak eta segurtasunak duten garrantzia ulertuko dugu.
